Orexan jaio zen 1888ko abenduaren 6an “Iriarte” baserrian. gurasoek Uitziko “Errekalde” baserrira eraman zuten eta hango familian egin zuen bere haurtzaro eta gaztaroa. “Bi ama ta amarik ez”, esango du tristura handiz Quito’n arrebarrekin-en. Hamazazpi urterekin, 1905ean, Jesuiten Xabierreko ikastetxera joan zen ikastera eta, hemen froga gisa bi urte egin ondoren, Lagundian egingo ditu hamasei urte, 1923an kanporatua izango den arte . Apaizgorako bidea itxi izanak trauma berri bat sortu zion , hau ere , amarik ezaren antzera , eramangaitza gertatuko zaiona .
“Getsemani” poeman zazpi urte beltzen aldia (1916-1923) ekarriko du gogora Jaunaren aurrean : “Zuk eta biok bakar dakigu zazpi urte beltzen berri ” .
Jesuiten Lagundian egindako denboraldian , Jesus-en Bihotzaren Deya eta RIEV aldizkarietan argitaratu zituen artikulu eta poesia batzuk .Hitzaldi-pare bat ere eman zuen Durangoko Euskal Jaietan , 1921ean , euskal neurtitzaz .
Bizitza laikora itzuli ondoren lehen zazpi urteak (1923-1931) Bilbon egin zituen , lehen urteak Euskaltzaindiko bulegoan ,Azkueren ondoan, eta 1928. urtetik aurrera ,berriz ,Euzkadi egunkarian, horko euskal orriaren zuzendari gisa .Hiru liburu argitaratzen ditu bitarte honetan :bi itzulpen-lan , Tormes-ko itsu-mutila (1929) –hau bizkaieraz- eta Mireio (1930), eta Santa Kruz Apaiza (1929).
Errepublika-garaian ,euskal pizkundearen gailurrean ,Euskal Herriak bere poema nazionala behar zuela eta ,“Euskaltzaleak ” elkartekoen enkarguz Euskaldunak poema epikoa ontzera bere sorterrira erretiratu zen .Geroago , 1950ean , argitaratuko bada ere , jada gerratea hasi aurretik bukatua zuen eta jatorrizko testu osoaren entrega egina .Zehaztapen hau egin beharrekoa da idazlan hau bere testuinguru historikoan kokatua izan dadila . Beste poesi liburu txiki bat ere argitaratu zuen , Barne-Muinetan (1934) izenekoa (mistikoa) .
San Kristobaleko kartzelan sei hilabete egin eta gero , hurrengo urtean, 50 urterekin, erbesterako bidea hartu beharra aurkitu zen eta bertan emango ditu hamasei urte luzeak (1938-1954), nekagarriak eta penagarriak , baina baita emankor eta umatuenak ere euskal letrentzat . Epealdi honetan egindako lanetan , entzunena Urte Guziko meza-bezperak (1950) izango da , hau ere enkarguz egina Ipar Euskal Herrian , ordainduak izan zirela esan nahi du . Ez da ahaztu behar Orixe izan dela euskal letrek izan duten lehen liberatu profesionala , euskarengatik dena eman zuena .Guatemalari agur esaterakoan idatzia utzi zuen honako hau Euzko-Gogoa-n : “Nere emaztegairik kutunena euskera izan da , eta oni atsegin egitearren nere burua arloteago ikustea ederretsi dut ” .
Amerikako lau urteak (1950-54) benetan oparo bezain jasoak gertatu ziren itzulpen-lanetan zein sorkuntzazkoetan . El Salvadorreko Zaragozan landutakoak dira Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratutako artikulu jakingarriak gehienbat filosofiaren eta estetikaren gainean egindakoak eta Quito’n arrebarekin saioa osatzen duten atalak , eta ,orobat , Gernika aldizkarian euskara batuaren eta Euskaltzaindiaren gainean gaztelaniaz argitaratutako artikulu polemikoak. Agustin Gurenaren Aitorkizunak ere ,nahiz hau 1956an argitaratuko den , Amerikatik etxera etortzerakoan bukatua zeukan .
Beti eri kronikoa izan zena , osasunez makalduta bueltatu zen 1954ean , baina lanerako gogoz . Jainkoaren bila ,azken epealdi honetako bere idazlanik aipagarriena ,zutik baino gehiago ohean egonez , burutu zuen .Bueltatzerakoan , gainera ,berak uste ez bezalako euskal mundu batekin aurkitu zen .Ordurako gerrate-osteko euskaltzaleen belaunaldi berri bat sortua zen eta Euskal Herrian Europako aire berriak sartzen eta euskara batuaren inguruan lehen urratsak ematen hasiak zeuden .Aldaketa handi horiek zirela bide ,Orixe erbestean bezala sentitu zen bere etxean , egoera berrira moldatzeko zailtasunez kargatuta .Horregatik ,Orixe idazlearen irudi mitikoa erortzen hasia zegoen heriotzak 1961ean eraman baino lehen .
Baina Orixe mitifikatua eta desmitifikatua bizi da ,bere “Euskaldunak” poema entzutetsua bezain polemikoa argitaratu eta handik 50 urtera ere “Eta bizi ez bada ,bizi beharko luke ” ,utzi digun obra handia ,anitza eta aberatsa baita .Esana izan den bezala , haren lanek beharbada ez du parekorik bere garaikideen artean .
No hay comentarios:
Publicar un comentario